PRODUKTUAK: Aza AROA

Azaroa hilabetea gaztelaniaz itzultzerakoan “Tiempo de coles” itzuli beharko genuke. Baina azaroan azez gain beste hainbat produktu eskura genitzake:

Borraia: Borrago officinalis. Uzta: hostoa.

  • Lur guztietara erraz egokitzen den landarea da, nahiz eta buztin pixka bat eta hezetasuna gogoko izan.
  • Erein: Ondo landutako lurrean (behar-beharrezko baldintza) martxoapirilean eta abuztu-irailean erein, 30 cm-ko tartea duten erroiletan.
  • Lanak: Landaretxoak zertxobait hazitakoan garapenik onenekoak aukeratu eta besteak kendu. Hasieran jorraldi ugari eman behar zaio borraiaren lur-sailari, landareak indartu arte. Landare-erroilei itsatsirik simaur-berri pilak jarri, honen beroak landareak babes ditzan. Hori beharrezkoagoa da uda-partean ereindakoen kasuan.
  • Uzta: Hostoak hazi ahala bildu.

Angurria: Spinacia oleracea. Uzta: hostoa.

  • Eguraldi bero eta lehorrekin azkar loratu eta haziak ematen ditu (tontortu esan ohi dena). Aldiz, neguko izotzak erraz jasango ditu. Lur aberatsa behar du, baina inoiz ez ongarri organiko berririk hartuberria den lurretan.
  • Erein: Urte osoan erein daiteke, baina bi garaitan hasterazi ohi da espinakaren zikloa: udaberri hasieran, lurra berotzen hasten denean eta iraila-urrian lurra oraindik bero dagoenean. Lehen kasuan seguruenik udan tontortu egingo du. Bigarrengoan, udazkeneko ereintzan alegia, uda arte luzatuko da uzta.Uzta 25-30 cm-ko tartea duten erroiletan. Gramo bat hazirekin (100 ale) 3 cm2 ereiteko adina dugu.
  • Lanak: 10 cm-ko tartea utziz, gutxi gorabehera, landare onenak aukeratu eta kaxkarrenak kendu. Erein ondoren askotan ureztatu ondo erne dadin eta tontortu ez dadin. Espinaka-saila belarrez garbi edukitzeko behar adina jorratu.
  • Uzta: Erein ondoren 60-75 egunera uzta biltzen hasi daiteke. Bi eratara bildu ohi dira espinakak: landarea osorik hartuz edo bildualdi bakoitzean landare bakoitzari kanpo aldeko hosto handienak kenduz. Metro karratuko kilo t’erdiko uzta izaten da.

Iturria: aitzbitarte.wordpress.com

Advertisements

PRODUKTUAK: Valentziako laranjak

Pasa den astean laranjak ekarri zizkiguten Usurbiltzengo kideoi lehen aldiz. Ekoizlea Valentziako Carcaixent herriko mutil bat da, Ricard Salom izenekoa . Badira hamar urte produktu ekologikoen kontsumitzaile denetik, eta duela bost urte hasi zen lurra lantzen, beti zitrikultura ekologikoan. Hasiera batean kooperatiba batentzat egiten zuen lan, bai eta hainbat lur-jaberentzat ere, nahiko baldintza kaskarretan. Orain, erabili gabe zeuden bi lursail ditu errentan hartuta Carcaixenten. Guztira 0,6 Ha ditu. Bi lursailak ekologikoan lantzen ari da eta ez du hostoen, lurzoruaren, fruituen eta abarren analitikak egiteko arazorik. Halaber, bere lurrak bisitatzeko aukera ere eskaintzen du nahi duenarentzat.

Lursailetako lan osoa Ricardek berak egiten du.  Gainera, basherri-taldeei zuzenean saltzearen alde dago, ekonomia kapitalistatik at dagoen aukera bat dela uste baitu, eta ekoizleari nahiz azken kontsumitzaileari mesedetzen diola baiteritzo. Laranjak kartoizko 20 kiloko kajetan ekartzen ditu, eta kajak egoera onean itzuliz gero, pare bat aldiz gehiago berrerabili ohi ditu, erabat puskatu arte. Banaketa eta garraioa ere berak egiten du. Furgoneta txiki bat du, baina karga oso handia bada, handiago bat alokatzen du. Laranja kiloa 1,25 eta 1,50 artean dago, eskatzen denaren arabera. Guk, esate baterako, 420 kilo eskatu genituen guztira, eta kiloa 1,35ean utzi zigun.

Gauza da Usurbiltzenez gain Euskal Herriko beste talde batzuei banatu nahiko liekeela. Guk otsailaren bigarren astean egingo dugu eskaera, otsailaren 9an zehazki, eta banaketa otasileko 3. astean izatea adostu dugu. Interesgarria litzateke honaino etorri behar duenez beste talde batzuentzat ere laranjak ekartzea, baldin eta norbaitek nahi balu. Hala bidaia askoz ere gehiago aprobetxatuko luke. Beraz, basherri talderen batek laranjak hartzeko interesa izango balu deitu 627285904 telefonora eta Ricarden kontaktua pasako dizuegu. Baldin eta eskaera txikia egingo bazenute, gurekin batera eskatzeko aukera ere izango zenukete. Telefono berera deituta adostuko genuke dena. Taldeak posta elektronikoa ere badu, usurbiltzen@gmail.com, nahi duenak ere mezua bidal dezake helbide horretara. Beno, ongi segi eta hurrengora arte!

Aupa basherritarrak!